Gela hotz edo zentsura Durangon

Gela hotz edo zentsura Durangon

Azaroaren 25a, “Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguna”. Durangoko udalak lehiaketa antolatu zuen eta Alainek Aniaiz eibartarraren tortura testigantzetan oinarritutako ipuina aurkeztu zuen. Baita irabazi ere. Baina badirudi orain Durangoko Udalak ez duela ipuina argitaratuko, ezta argitaratzen utziko ere: eskubideak orain eurenak baitira.

Egileak, baina, saretik zabaldu du bere ipuina, eta nahi oro zabaltzeko deia luzatu du. Beraz, hemen doa ipuina:

Ane epailearen aurrean dago, bere gorputzean jasandakoa, bere arimaren mina hitzez kontatzen saiatzen da, baina hitzak eztarrira heltzen direnerako itzali egiten zaizkio, ez dute indar nahikorik ahotik irten eta errealitatea urratzeko. Nondik hasi, gainera. Hasieratik. Zer izan zen hasiera? Irainak (puta, puta, puta, puta), mehatxuak (ez zara bizirik irtengo). Bizirik dago bai, baina momentu batzutan nahiago luke hala izango ez balitz. Begiak itxi ditu, horrela gogoratzeak min gutxiago egingo balio bezala.

Lurrean dago, gerritik gora biluzik, eta itzalak ikusten ditu inguruan, ez daki bat ala gehiago diren, itzalak baino ez. Belarrian oihuak entzuten ditu, baina ez du ulertzen diotena, oihuak baino ez dira. Eta titietan hotza igartzen du, min handia egiten duen hotza, eskuekin estaltzen saiatzen da, bero bila, baina indar handiz eskuak bere lekutik kentzen dizkio itzalak, hotza barreneraino sartuz.

Bapatean, itzalak eta oihuak desagertu egin dira, lurretik arrastaka gelaren izkina batera heldu da, eta bertan gelditu da, eskuekin gorputzari, gorpu sentitzen duen gorputzari, berotasuna emanez.

Begiak zabaldu eta epailearen asper aurpegia ikusi du, bazkaltzera joateko gogoa duela ematen du. Begirada hori ikusita, berriz ere, hitzak eztarrian trabatzen hasi zaizkio, baina arnasa eta indarra hartuz aurrera jarraitu du.

Itzalak itzuli dira, gorputzak hartu duen berotasun apurrari esker oihuak ulertzen hasi da. Puta, barreak, vas a ver. Gorputza zerbaitekin lotuta du, harrapatuta dago, ezin da mugitu. Gelaren alde batetik bestera doa, trapu zahar bat bezala, bultzada batek zerbaiten kontra eraman du eta bere gainean geratu da. Orduan zerua etorri zaio gainera, pisu handia du eta ezin da mugitu, oraindik hitzen bat edo beste ulertzen du, puta, puta, puta. Itotzen ari da, bere indar guztiekin gainean duena botatzen saiatzen da, baina ez du ezer lortzen, ezin da mugitu. Gainean duena, bere kabuz mugitzen da, bapatean, eta arnasa hartzea lortzen du. Jada oihuak ez ditu ulertzen. Arnasa beste behin hartzera doanean, ezin du. Arnasa moztu diote, airea kendu, non dago, hil egin ote da? Iluntasuna ikusten du bere inguruan, besterik ez, oihuak gero ta urrutiago doaz. Lehengusua korrika agertu da eskatzean, elurra, elurra! Denak mugitu dira leihorantz, pozik, ikusi ez arren Anek irribarreak somatzen ditu aurpegietan, bera ere pozik dago eta urduri! Lehengusu nagusiek abentura zoragarriak kontatzen dituzte elur egunei buruz, berak oraindik ezin izan ditu bizi, txikiegia zelako, baina aurten bai, aurten bera ere elurretan irristatuko da! Aitak sutondoan duen aulkitxotik (aititek bere neurrira egindako aulkitxotik) altxatu eta leihora eraman du Ane, handik sekulako elur maluta handienak ikusi ditu.

Ordurako beste guztiak janzten ari dira: Eskularru, bufanda eta txapelak airean dabiltza umeen artean, amama botak banatzen saiatzen da, hauek zuretzat, beste hauek txikiagoak dira eta zuretzat… Aneri ere ekarri dizkio batzuk, galtza potolo-potoloekin batera.

Ven aquí, puta! Zer da hau? Non dago? Begiak zabaldu eta lehengo gela hotza ikusi du, hau omen errealitatea, behin eta berriro gainera datorkiona. Arrastaka daramate, bera ez baita gai bere gorputza mugitzeko ere. Aulki baten gainean jarri, eta iletik tiraka burua txontxongilo bat lez alde batera eta bestera mugitzen dioten bitartean, oihuak heltzen zaizkio belarrira: Con quién! Puta! Ulertzea lortzen du, laster oihuak baino ez, zer esaten duten ez dakien oihuak, alde batetik bestera darabilen itzaletik irtetzen diren oihuak. Indarrez burua altxatu dio eta begiak ireki orduko zerbaitek iluntasuna ekarri du, begiak irekitzen ditu indarrez baina ezin du ezer ikusi, oihuak entzuten ditu baina ez du ezer ikusten, iluntasun horretan airerik ere ez dago, arnasa hartzen saiatzen da, baina ezin du, indar handiagoz hartzen saiatzen da eta aurrekoan baino gutxiago hartzen du, arnasa bukatzen ari zaiola sentitzen du, oihuak gero eta ozenagoak dira, itotzen ari da, berriro arnasa hartzen saiatzen da eta airearen ordez beste zerbait etortzen zaio ahora, arnasa guztiz eteten dion zerbait. Oihuek jarraitzen dute, lehen baino bortitzago, baina berak jada urrun entzuten ditu, gero eta urrunago…

Amama galtza potoloak sutondoan jartzen ari da, bitartean aitak erropa geruza bat bestearen gainean jartzen dio, besoak gora eta behera soilik mugitu ahal dituen arte. Sutondoko galtzak, lehengusuren batek duela bost urte ondo zituen katiuskak, eta badoa elurretara beste guztien atzetik. Ume guztiak aldapan behera irristaka ikusten ditu, bakoitza zerbaiten gainean, abiapuntura korrika igotzen diren bitartean elurrezko bolak botatzen dizkiote momentu horretan irristaka beheruntz doanari. Anek ere irristaka joan nahi du, baina momentua heltzen denean beldurra ematen dio eta geldi geratzen da. Orduan aitak bere hanken gainean eseri, besoekin inguratu eta elurraren gainean hegaz darama! Momentu hori, inoiz inork kontatutakoa baino askoz hobea da. Anek inguruko elur guztia urtzeko besteko berotasuna sentitzen du, kanpoan inoiz sentitu duen hotzik handiena egon arren.

Hotza sentitu du bapatean, gelako izkina berdinean dago, lur hotzaren gainean erdi biluzik. Eseri eta arropekin ahalik eta gehien estaltzen saiatu da, gorputzarekin lurra ahalik eta gutxien ukitzen, besoekin belaunak inguratu ditu, barne barnean sentitzen duen hotza berotu nahian. Gorputza ordea bero-bero du, kolpeek utzitako berotasunez, hala ere bera ez da berotasun hori sentitzeko gai. Malkoak isuritzen hasi da, nahi gabe, konturatu gabe, negar-zotinik gabe eta malko bakoitzarekin gorputzeko kolpe batean berotasuna sentitu du. Astiro astiro gertatzen ari denaz konturatzen hasi da. Malkoak lehortu, arnasa hartu eta bere buruari indarra ematen saiatzen da, ez daki zenbat denbora daraman gela horretan baina berak uste duenaren erdia izanda ere, ezin da denbora asko falta dena bukatzeko. Atea zabaldu eta itzala sartzen da, aurpegia ikusten dio. Arriba, puta! Besotik hartu eta aulkira eramaten du. Oihuak entzuten dira, baina ez dira oroitzen dituenak, emakume batenak dirudite. Kolpe bat sentitu duburuan, ez daki nondik etorri den, eta jarraian zerbaitek argia kendu dio, arnasa hartzen saiatu da, eta oraingoan bai, lortu du, argia bakarrik kendu diote, begiak ixtera behartu. Iluntasunarekin batera oihuak itzuli dira, ezagunak, betikoak.

Galderak egiten dizkiote, eta erantzuten saiatzen den bakoitzean kolpe bat jasotzen du, beti leku desberdinetik, beti espero ez duen lekutik. Oihuak gero eta gehiago, gero eta ozenagoak dira, gero eta galdera gehiago, gero eta gutxiago ulertzen du. Azken kolpeak lurrera bota du, ezin du gehiago, bertan gelditu nahi luke, dagoen bezala, ahoa lur hotzaren kontra. Oihuak isildu egin dira, iluntasuna isilik gelditu da.

Epailearen begirada zorrotza sentitu du, begiak altxatu eta hor dago bai, burua eskuen gainean duela, irribarrea ahoan. Algo más? Aneri goragalea sartu zaio, ezin du aurrera jarraitu, ezin du berriro gogoratu. Ahaztu egin nahi luke, bere gorputzean ez dela gertatu sinistu eta bere oroitzapenetatik ezabatzea, batez ere, bere oroitzapenetatik ezabatzea. Dardara batek gorputza zeharkatzen dio eta amorrua sentitzen du, amorruz irtetzen dira hurrengo hitzak bere ahotik.

Atearen soinua entzun eta argia itzultzen da bere begietara, itzalak ditu inguruan, alde guztietaik daude. Levántate, arriba! Aginduak ematen dizkiote, bata bestearen atzean, besoak goian izatera derrigortzen dute, titiak ukitzen dizkioten bitartean, eskuekin tititetako mina kentzen saiatzen da, eta orduan min handiagoa sortzen diote. Begiak itxi eta bere titiak defendatzeari uko egiten dio. Inoiz ezagutu duen hotzik ziztagarriena sartu zaio barrura, itzalak desagertzean ere gainetik kenduko ez duena.

Itzalak joan orduko itzultzen dira, behin eta berriro. Badaki zer nahi duten, beti antzekoa, erropa kendu, oihuak, kolpeak, galderak, titietako hotza, eta lurra.

Beste batzutan baino oihu gehiago entzuten dira atea irekitzerakoan, ezer esan gabe lurretik arrastaka eraman eta arropa guztiak kendu dizkiote, lurrean, galderarik ez, oihuak soilik, puta, puta, puta. Hotza sentitu du gorputz guztian zehar, denean dabiltza, min ematen diote. Indar handi batek hankak zabaldu dizkio, gorputzean zehar zebiltzan mugimenduak desagertu egin dira, bakarra agertu da, besteak baino hotzagoa, hankartean. Bere indar guztiekin mugitzen da, gorputza libratzen saiatzen da, baina orduan indar handiagoz datorkio mina hankartera, hotz handiagoz.

Lehengusuen atzetik doa korrika, eta pauso bakoitzean elur zati bat sartzen zaio katiusketan, baina berdin da, elurra ez da bere gorputza hozteko gai. Jada bakar-bakarrik doa aldapa behera, irristaka. Gero eta aldapa handiagoetara doaz, gero eta kilima handiagoak sentitzen ditu sabelean. Aurkitu duten azken aldapan doa irristaka, gero eta abiadura handiagoan, bapatean beldurra sentitzen du, gelditzen saiatzen da, baina ezin du, horren ordez, bueltaka hasten da, abiadura berdinean, konturatu orduko taketa jo eta ahoa elurrez bete zaio. Momentu horretan arropan sartuta duen elur guztia batera sentitu du. Eta negarrez hasi da. Aitak besoetan hartu, elur guztia kendu eta etxera darama. Arropa bustia erantzi, sutondoan berotutakoa jantzi, zauriak sendatu eta besoetan hartu du, suari begira. Bero handia setitzen du, batez ere masailetan, malkoak egon diren tokian. Txokolate beroaren usaina heldu zaio lo hartu aurretik.

Levántate, ponte toda la ropa! Vamos donde el juez!

Irudia | Adierazpen askatasuna | Ezezaguna | LGPL

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

9 pentsamendu “Gela hotz edo zentsura Durangon”-ri buruz

  • Ona ipuina, ikaragarria kontatzen duen istorioa, lotsagarria zentsura egin dutenen jokabidea

  • […] This post was mentioned on Twitter by TheklanEH, zuzeu. zuzeu said: "Gela hotz" edo zentsura Durangon: https://zuzeu.eus/?p=20037 […]

  • policarpopatagua 2010-12-10 15:12

    Aniaiz da izena Galder.

  • Galder, horrelako zerbait publikatu aurretik informazioa egiaztatu behrako zenuke.  Ez da zentsura kasu bat egon, gaizki ulertu bat baizik. Hasieran argitaratu egingo zutela uste nuen, eta gero jakin nuen ez zela izango horrela. Ez zutela argitaratuko jakitean lagunen artean zabaltzea erabaki nuen, irakurtzeko gogoa zutelako, besterik ez! Eta nahi beste zabaltzeko jarri nuen, hain zuzen, zabaltzeko “beharrik” ez zegoela adierazteko baina inori pasatu nahi bazioten (irakurtzeko interesa izan ahal zuen norbaiti) lasai pasatzeko. 
    Honetaz gain, testuaren eskubideak Durangoko udalarenak dira, beraz, ez dut uste hemen argitaratzerik dagoenik. 

  • Zentsura hitza Alaine ez den beste norbaitek erantsi zuen testua zabaltzea asmoa zuen e-posta baten. Lagun harteko mezu bat eraldatuta geratu zen horrela,gertatu ez den zerbait ulertaraziz. Argi ibili Internetekin!!!

  • Kaixo!
    Badirudi hanka sartu dudala, eta hala bada berehala kenduko dut post hau (ez dut horretarako arazo berezirik).

    Nire kontakizuna horrelakoa da:
    1- Ipuina 3 leku ezberdinetatik jaso nuen, euren artean konexio zuzenik ez duten 3 leku. Hau da, ez da nodo zentralizatu batetik atera dela, baizik eta nahiko hedatua izan dela gaia.
    2- 3 mezuetan zentsura hitza aipatzeaz gain kontakizun ia berbera egiten zen: Durangoko udalan irabazle eta azken momentuan ez publikatzea erabaki zuten. Eskumenak eurenak ziren eta beraz ezin publiatu.
    3- 3. mezua jasotzerakoan pentsatu nuen nahikoa hedadura zuela jada eta kasu egin nion “zabaltzeko” eskearari. Niretzako horretarako hoberena horrelako plataforma bat erabiltzea da.

    Nahi baduzue eztabaidatu honen inguruan, eta bihar, kontrako iritzirik ez badago, artikulua kenduko dut.

  • Eskubideen kontu hori oso berezia da. Zure ipuinaren gaineko jabetza Durangoko Udalarena ote da? Lehiaketara aurkezteak ziur aski berekin dakar Udalari uztea argitaratzeko eskubidea. Baina ipuina zurea da, ez ahaztu. Egiletza eskubidea inork ezin dizu kendu, ez eta zuk eman nahi bazenu ere. Eta Udalak argitaratzeko eskubidea dauka, ondo dago, baina horrek argitaratzeko eskubidea kentzen ote dizu zuri? Hau da, Udalak ipuin hori argitaratzeko edo ez argitaratzeko eskubideaz gain, argitalpena eragozteko eskubidea ere badauka ala?

  • […] This post was mentioned on Twitter by Helua, Anboto News. Anboto News said: El relato 'presuntamente' censurado de Alaine Garitagoitia 'Gela hotza, elur beroa' puede leerse aquí: http://j.mp/fPnzSt […]

  • Kaixo, kontua zera da: Nik nere inguruko lagunei bidalitako mezuan jartzen nuen bakarra udalak ez zuela argitaratuko zen. Hortik aurrerako dena, zentsurarena barne norbaiten irterpretazioa izan da. Eta 3 mezu desberdin jas badituzu honen inguruab 3 pertsona ezberdinek nire mezuari zerbait gehitu diotelako izan da.  Nik nahi dudan bakarra zentsuraren kontu hau argitzea da, bost axola argitaratzen den edo ez.